Historia duten bideak

Trenbide biren arteko trazatuak osatzen du pasealeku honetako ibilbidea.  Trenbideetako bat dagoeneko ez da erabiltzen eta aisialdi gune bihurtu da.

Bizkaiko Labe Garaien loraldiak Barakaldoko alde hori bereziki bultzatu zuen urte luzeetan.  Ia paraleloak diren bi trenbideen arteko guneaz ari gara,  egungo Renferen geltokiko eta Lutxana Minning trenbide zaharraren trazatua osatzen dutenaz hain zuzen, eta duela urte batzuk Dolores Ibarruri izeneko pasealeku bilakatu zenaz.

Hiriko eremu hori plaza eta kale labirintoak osatzen du. Ibilbideari Larrea Jauregian (1.a) emango zaio hasiera: XVIII. mendean eraikitako bandokideen dorretxe zaharra, ederto zaharberritua, jatetxe ospetsua da gaur egun.

Handik oso metro gutxira, Botxo plaza (2.a) dugu, Franco Belga konpainiaren meatze-trenbide zaharraren oinezkoen trazatua amaitzen den lekua, hain zuzen. Dena den, ibilbidea kontrako norabidean ere egin daiteke, Beurkorantz.

Inguruan, udalerriko historian oso sustraituta dauden beste galtzada bi ere badaude.  Portu eta Ibarra kaleak dira beste garai batzuetan Bizkaiko Labe Garaien garapenarekin lotutako merkataritzako goieneko uneen kale nagusiak.

Azken kale horren amaieran, Ferrocarril pasealekura heldutakoan, Barakaldoko Desertu geltokiaren ondoan, Alondegiaren eraikina (3.a) aurkituko dugu, 1949. urtean mende bat lehenago San Josef elizari emandako orubean eraikitako ardo-biltegia. Oinplano angeluzuzeneko eta izkina lerro-makurreko eraikinak hiru atal ditu, eta erdikoa alboetakoak baino baxuagoa da. Egitura osoa hormigoi armatuz eginda dago.  Beheko solairua ardoa, olioa eta likorea gordetzeko erabili zen hasiera batean, lehenengo eta bigarren solairuetan, ordea, etxebizitzak egin ziren.

Aurreraxeago, Santurtzi-Bilbo trenbide linearen paraleloan, kiroldegi (5.a) modernoaren ondoko Lasesarre parkea (4.a) eratzen duen berdegune zabala dugu.  Sekulako lekua aisiarako zein paseatzeko. Hemen, mendixken eta haranen artean, hesiez eta zuhaitzez bereizirik, petankan edo bola-jokoan aritzeko guneak aurki ditzakegu, bai eta skate pista bat ere, guztiak ondo komunikaturik eskaileren, arrapalen eta sigi-sagaka doan bide baten bidez.

Urrunxeago, Murrieta etorbidearen amaieran, Galindo ibaiarekiko mugan, Galindoko Erribera parkea (6.a) aurkituko dugu: Ria 2000 erakundeak alderdi horretako paisaia lehengoratzeko landu dituen 500.000 metro karratuko azaleraren ia erdia.

Close

Visit Barakaldo

Barakaldo Turismo

Close