Udalerriaren jatorria

Kondairak dioenez hemen sortu zen udalerria. Gure ibilbidea abiaraziko dugun leku honetan, muino txiki bateko lautadan sortu zen Barakaldoko elizatea, XIII. mendearen hasieran segur aski eta San Bizente izenaz. Garai hartan, baserri gutxi batzuk zeuden nekazariak bizi izan ziren gune honetan.

Zortzi mende geroago, oraindik itxura lerdena du, nahiz eta urte horietan aldaketa ugari izan dituen. Ingurua ere aipamen historikoek adierazten duten irudi bukolikotik oso urrun dago. Eraikin altuak daude antzinako eraikinen lekuan, eta berdegune batzuek -Lorategi Botanikoak esaterako- auzoa inguratzen zuten ortuak eta larreak dakarzkigute gogora.

San Bizente

Ibilbidea San Bizenteko Elizate plazatik (1.a) abiatuko da, 1879an Barakaldoko udaletxearen lehen eraikina kokatuta zegoen leku beretik. Aurrean, San Bizente elizaren eraikina dugu, eta egungo egiturak, nahiz eta XVII. mendeko lehen erdikoa den, esku-hartze arkitektoniko ugari izan ditu. Zaharberritutako erretaula nagusia urre koloreko egurrezko altzaria da; zokaloa eta hiru kaleko pisua dauzka. Erretaula eklektikoa da, eta elementu neoklasikoak dauzka, baina baita estilo barrokoaren apaindura-errepertorioko beste batzuk ere. Erretaula nagusian honako irudi hauek ikus ditzakegu: Paduako San Antonio (neoklasikoa), San Josef (modernoa), XVIII. mende hasierako irudi barrokoez osaturiko kalbarioko hirukotea eta horren guztiaren buru, San Bizente gaztearen irudia, begiak zerurantz begira dituela.

Miranda etorbidea

Gure ibilbideak Miranda etorbiderantz egingo du orain. Bertara iritsitakoan, ezkerretara Barakaldoko langile-etxearen (2.a) zenbait eredu nabarmen ikus ditzakegu.  Hogeita hiru etxe dira, Francisco Gomez eta Elexpuru kaleen artean dagoen L itxurako lursailean daudenak.  Etxeok iragan mendeko lehen hamarkadan egin ziren Bizkaiko Labe Garaietako langileentzat.  

Azken horien aurrean, San Bizente parkea eta izen bereko kiroldegia ez ezik, Juan Gorostiza eskolak eta Miranda Fundazioa (3.a) ere ikus ditzakegu; aurrean, lorategi handia duen U itxurako eraikina da azken hori, eta 1914. urtean inauguratu zen edadetu txiroentzako zahar-etxe gisa. Egun, estilo modernoagoko eraikin berriak du betekizun hori; eraikin zaharrean, musika kontserbatorioa eta desgaituentzako eskola berezia daude. Horren aurrean, San Eloy ospitalea dago, zaindu beharreko instalazioa modernoa.

Close

Visit Barakaldo

Barakaldo Turismo

Close